2012(e)ko otsailaren 8(a), asteazkena

Abraham eta Moises

3. eta 4. mailan Abraham eta Moises nortzuk izan ziren komentatzen egon gara.

Beraz, hona hemen informazio gehiago eta argazki edota bideo gehiago zuek ondo ikusteko.

ABRAHAM
-------


Abraham (hebreeraz אַבְרָהָם, Avraham; eta arabieraz ابراهيم, Ibrāhīm), kristautasuna, islama eta judaismoaren arabera Israelgo herriaren patriarka da.

Bibliaren arabera Kaldeako Ur herrian jaio zen. Abraham Terahren semea zen, eta Nahor eta Haran bere anaiak ziren. Abraham Sarairekin ezkondu zen. Sarai agorra zen eta ezin zuen seme-alabarik izan. Hori dela eta, Sarai emazteak Agar mirabea eman zion Abrahami emaztetzat eta Abrahamek haurdun utzi zuen. Agar haurdun gelditu zenean mesprezuz begiratzen hasi zitzaion Sarairi. Sarai izugarri haserretu egin zen eta Agarrek ihes egin behar izan zuen. Ihesi zihoala, Jainkoaren aingerua agertu zitzaion eta esan zion bere etxekoandrearengana itzultzeko eta bere semeari Ismael izena jartzeko. Halaber, Ismael borrokalaria izango zela eta beste anaia guztiengandik aparte biziko zela esan zion. Umea jaio zenean Abrahamek Ismael izena jarri zion.

Urte batzuk geroago, Abrahami Jainkoa agertu zitzaion eta ituna egin zuen ondorengo gehiago eduki zitzan. Jainkoak bere izena Abrahamengandik aldatu zion eta ituna belaunaldiz belaunaldi gordetzea eskatu zion. Gainera bera eta bere ondorengoek Jainkoarekiko zuten konpromisoa erakusteko zakil-muturra erdaindu beharko zuten. Horrez gain, Jainkoak Abrahami esan zion aurrerantzean bere emazteari Sarai ez deitzeko, baizik eta Sara, eta modu horretan Sararekin seme-alabak eduki ahalko zituela. Semea eduki zuen eta Isaak izena jarri zion Jainkoaren aginduz.

Behin batean Jainkoak Abraham deitu zuen eta Isaak bere semerik kutunena Jainkoak adierazitako Moria lurraldeko mendi batean sakrifiziotzat eskaintzea eskatu zion. Abrahamek Isaak semea aiztoarekin hiltzera zihoanean Jainkoaren aingeruak zerutik dei egin zion eta umeari kalterik ez egiteko esan zion. Abrahamek alde guztietara begiratu zuen eta ahari bat ikusi zuen sasien artean. Aharia hartu zuen eta semea hil ordez, aharia oparitzat eskaini zion Jainkoari. Bigarrenez, Jainkoaren aingerua agertu zitzaion eta bere semea Jainkoari ez ukatzeagatik bera eta bere ondorengoak bedeinkatuko zituela esan zion.

Sara bere emaztea hil zenean Ketura izeneko emakume batekin ezkondu zen eta hainbat seme-alaba izan zituen: Zimran, Jokxan, Medan, Madian, Ixbak eta Xuah.

Abraham 175 urterekin hil zen. Orduan, Isaak eta Ismael semeak elkartu ziren eta Sara bere emaztearekin ehortzi zuten.




MOISES
------
http://youtu.be/N6RGYaItfTY

Moises taulekin, 1659, Rembrandtek margotuaMoises (egiptoeraz: Moyses; grezieraz: Mωϋσῆς; hebreeraz: מֹשֶׁה; arabieraz: موسىٰ; Ge'ezez: ሙሴ) testu biblikoetan buruzagi erlijioso, lege emaile eta profeta modura azaltzen den pertsonaia da. Toraren egiletza aitortzen zaio (Moisesen bost liburuak ere deitzen zaie Tora osatzen duten idazkiei). Hebreeraz Moshe Rabbeinu (מֹשֶׁה רַבֵּנוּ, "Moises gure irakaslea") ere deitzen zaio, eta judaismoaren profetarik garrantzitsuena da. Aldi berean, islamismoaren, kristautasunaren, bahaismoaren eta beste hainbat erlijioren profeta da.

Irteera liburuaren arabera, Moises jaio zenean gerra hotsak zebiltzan Egipton eta hebrearren kopuru gero eta handiagoak faraoia kezkatzen zuen, Egiptoko etsaiei laguntza eman ziezaieketela uste baitzuen. Moisesen amak, Jokebedek, ezkutatu egin zuen haurra faraoiak ume hebrear guztien erailketa agindu zuenean, eta azkenean errege familia egiptoarrak adoptatu zuen. Esklabuen arduradun bat hil ondoren, Moisesek ihes egin behar izan zuen Itsaso Gorrian barrena, eta Midian eskualdera iritsi zen. Midianeko apaiz (יִתְרוֹ, itró) zen Jethroren artaldeak zaindu zituen Horeb mendiaren magaletan. Egiptoko hamar izurriak gertatu ondoren, Moisesek esklabu hebrearrak gidatu zituen Egiptotik at, Itsaso Gorria zeharkatuz. Sasoi honetan Moisesek Hamar Manamenduak jaso zituen. 120 urte arte bizi izan zen arren, ez zuen inoiz Israelgo Lurraldea zapaldu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina